Discovery Espazioa Ondorioak

Discovery Espazioa Ondorioak

Aldatuz erakusten da aldaketa! Eta zer hoberik gure inguruko ikastetxeek garatutako eta protagonistek beraiek –irakasleek– azaldutako esperientzia berritzaileen erakusketara joatea baino.

Esperientzia horiei esker, garatu nahi dituzten proiektu aitzindarien emaitzak ezagutu eta horiei buruz eztabaidatuko dugu.

STARTinnova Summiten ikusgai egongo diren proiektuak:

AXULAR LIZEOA

Donostia

Europako Espazio Agentziak (ESA) 14 eta 18 urte bitarteko nerabe-taldeentzako antolatzen duen zientzia eta teknologia lehiaketa da Cansat. Erronka da freskagarri-lata baten itxura eta pisua duen satelite txiki bat diseinatzea, garatzea eta fabrikatzea; satelite horrek bi misio bete beharko ditu, kohete batek 1.000 metroko altuerara jaurti ondoren, lurrera erortzen den bitartean. Beharrezkoa da taldean lan egitea, koordinazioa, komunikazioa, finantzazioa, ingeniaritza, epeak betetzea…  Zirkuitu elektronikoak diseinatu behar dira, mikroprozesadoreak eta aplikazioak programatu, elementu mekanikoak diseinatu eta fabrikatu, aurrekontuak prestatu, planoak egin, aktak jaso, batzarrak egin, komunikazio eta marketineko kanpainak prestatu…   Benetako enpresa batean bezala landu beharreko alderdi guztiak lantzea eskatzen duen erronka da. Egin beharreko lanen konplexutasuna dela eta, ikasleek inguruko enpresa eta baliabideetan laguntza teknikoa eskatu beharra izaten dute eta, beraz, komunikazio-gaitasuna profesionalak garatzen dituzte.

Ekiteko gai direla ohartzen dira eta, errealitate profesionaletik hurbileko ingurune batean beren trebetasunak esperimentatu izanari esker, beren bokazioa taxutzen joaten dira.

 

LA SALLE BERROZPE

Andoain

“Ikaslea, bere ikasketaren erantzule”. La Salle Berrozpe ikastetxean aspaldidanik ari gara metodologia parte hartzaileekin lan egiten (PBL, IDEAL), Baina talde batzuren kontua zen edo momentu jakin batzuetara mugatzen zen.

Azken lau-bost urte hauetan, HHZZetan ziklo eta maila guztietan, OLH (Oinarrizko Lanbide   Heziketa) izan ezik, ari gara ikasketa kolaboratiboak aplikatzen. Zerbait berria sortzen ari garen sentsazioarekin. Bidea egiten ari garen sentsazioarekin, alderdi argi eta ilunekin.

Aldaketa dago ikasle eta irakaslearen “rol”ean. Aldaketa honek jarrera aldaketa eskatzen du. Ikaslearen aldetik, proaktiboa ez bada ez duelako ezer ikasiko. Eta irakaslearen aldetik “bideratzaile”a izan behar duelako. Guzti hau taldeka.

Ikasleak, metodologia jakin bat erabiliz, erronka ezberdinei egin behar die aurre.

Irakasle taldeak bideratzaile lana nola egin  asmatu-sortu behar du. Ikasleari nola eman protagonismoa eta nola ebaluatu.

Bide honek  ikastetxearen antolakuntzan eta funtzionamenduan eragin handia dauka. Malgutasuna behar delako, bai ordutegietan, bai instalazioetan.

 

LAUAXETA IKASTOLA

Amorebieta-Etxano

Sor ezazu zure enpresa, eta izan dadila mundu guztiaren mesedetarako. Hemen aurkezten den ekintzailetza-proiektuaren helburua da ikasleen artean ekintzailetza soziala sustatzea. Horretarako, bere lan-etorkizuna (batxilergoko ikasketak amaitzen dituenean ikasi nahi izango duen mailatik abiatuta) eta inguruan antzeman dituzten behar sozialak erlazionatzeko egoeran jartzen da ikaslea proiektu honetan. Behar sozial horiek izan daitezke, pertsona behartsuekin lotutakoak, hirugarren adineko pertsonei kalitatezko denbora eskaintzearekin lotutakoak, etab.

Proiektu hori Lauaxeta Ikastolaren Batxilergoko ekintzailetza-programaren barruan dago; kasu honetan, ekintzailetzaren eta berrikuntza sozialaren arteko sinergiak sortuz. Hori, gainera, oso lotuta dago Lauaxetaren leloarekin: “Garapen pertsonala, gizartea eraikitzeko”.

 

CIFP BIDASOA LHII

Irun

Bidasoa Bizirik eskualdeko garapen agentziak koordinatzen eta antolatzen ditu, Tknikarekin batera, ikasleei zuzendutako sentsibilizazio-jardunaldiak, Visual Thinking bezalako metodologiak aplikatuta, prototipoak edo aplikazioen sorkuntza. Horiexek dira sormena garatzeko erabiltzen diren tekniketako batzuk.

Ekintza horiez gain, antolatzen ditu beste batzuk ere, hala nola “Pertsona ekintzailearen eguna”; gaur egun enpresari diren ikasle ohiek parte hartzen dute egun horretan, eta enpresak sortzen, prestakuntzako tailerretan, negozio-planak prestatzen eta beste hainbat arlotan izan duten esperientzia partekatzen dute. Urtez urte entzute handiagoa lortzen ari den tokiko ekitaldi batekin ematen zaio amaiera, KREA BIDASOA azokarekin, hain zuzen ere; azoka horrek helburua da talentuari, berrikuntzari eta ekintzailetzari balioa ematea, eta enpresak eta gazte ekintzaileak biltzen ditu foro horretan, berrikuntzaren eta enpresa-proiektuen bitartez jarduera ekonomikoa sortzea bilatzen duen estrategia bat partekatuz.

“IKAS-STARTUP” gida sortu dute berriki, eta Lanbide Heziketako ikastetxeen esku jarri; proiektu bat baliabideak eta emaitzak optimizatzeko moduan abian jartzeko aukera ematen duten ekintzailetzako metodologia bizkor batzuk jasotzen ditu material horrek. Izpiritu ekintzailea eta taldean ekiteko jarduna sustatzea helburu duen tresna da. Konplexua eta zaila da ikasketak amaitu ondoren enpresa bat sortzea, baina Ikas-Startup ekimenak ekintzailetzari buruzko ezagupenak eman eta ekintzailetzarekiko interesa pizten du.

 

Aitor Uriondok moderatua.