*

Axular Lizeoa (Donostia): “Taldean espaziora satelite bat jaurtitzen”

mikel-eguren

Axular Lizeoa (Donostia): “Taldean espaziora satelite bat jaurtitzen”

Gure ikasleei zientziaren, teknologiaren eta ekintzailetzaren munduan garatzeko aukera eskaintzeko planaren barruan garatzen diren proiektuetako bat da CANSAT AXULAR.

Europako Espazio Agentziak (ESA) 14 eta 18 urte bitarteko nerabe-taldeentzako antolatzen duen zientzia eta teknologia lehiaketa da Cansat. Erronka da freskagarri-lata baten itxura eta pisua duen satelite txiki bat diseinatzea, garatzea eta fabrikatzea; satelite horrek bi misio bete beharko ditu, kohete batek 1.000 metroko altuerara jaurti ondoren, lurrera erortzen den bitartean. Koheteak, sateliteak eta espazioa arreta ematen duten elementuak dira.  Erronka konplexua da, beraz. Beharrezkoa da taldean lan egitea, koordinazioa, komunikazioa, finantzazioa, ingeniaritza, epeak betetzea…  Zirkuitu elektronikoak diseinatu behar dira, mikroprozesadoreak eta aplikazioak programatu, elementu mekanikoak diseinatu eta fabrikatu, aurrekontuak prestatu, planoak egin, aktak jaso, batzarrak egin, komunikazio eta marketineko kanpainak prestatu…   Benetako enpresa batean bezala landu beharreko alderdi guztiak lantzea eskatzen duen erronka da. Egin beharreko lanen konplexutasuna dela eta, ikasleek inguruko enpresa eta baliabideetan laguntza teknikoa eskatu beharra izaten dute eta, beraz, komunikazio-gaitasuna profesionalak garatzen dituzte.

Diseinu eta fabrikazio prozesuan zehar, eta proiektua aurrera eraman ahal izateko, askotariko enpresak eta estamentuak bilatzen eta haiekin erlazionatzen ikasten dute. Nolabaiteko lehiakortasun-maila duen formatua izanik, beraien borondatez hasi duten benetako proiektu batek eragiten dituen estresa, pozak eta desilusioak bizi izaten dituzte. Beraien zein abildade diren eraginkorrak deskubritzen dute, eta hasiera batean ezinezkoak ziruditen gauzak egiteko gai direla konturatzen dira. Laburbilduz, ekiteko gai direla ohartzen dira eta, errealitate profesionaletik hurbileko ingurune batean beren trebetasunak esperimentatu izanari esker, beren bokazioa taxutzen joaten dira.

Era horretako proiektuek ikasleen autoestimua indartzen dute, lanean eta konstantzian oinarritutako helburu konplexuak lortuz gozatzeko esperientziari esker. Ekintzailetzaren eta oso gaztetatik beren trebetasunak lantzen hasi ziren profesionalen hazia da. Kirolari profesional batek maila horretara iristea txikitatik bete-betean dagokion kirol horretan jardun izanari esker lortzen duen bezalaxe, beste batzuk umetatik erakartzen ditu zientziak eta teknologiak, eta trebetasun horiek garatzeko bide eman behar zaie, pertsona eta profesional bikainak izatera irits daitezen.

axular-lizeoa

Axular Lizeoa

 

Axular Lizeoa Kooperatiba Elkartearen helburua haurraren eta nerabearen giza garapen integrala lortzea da, guraso eta irakasleen lankidetza hestuaz Euskal Herriko kulturaren barnean. Axular Lizeoa ikastola anitza da. Hori dela eta, apolitiko, laikoa eta balore etiko demokratikotan oinarritutako ikastetxea da.